gaiak

iPad bat eta musustak bidean

:: HARKAITZ CANO.

Edo zergatik ez duzun (oraingoz) E-book/iPad bat erosi. Paperaren desagerpenarekin hau ere aldatuko da, noski, baina bitartean? bitartean, zelako plazera.

Plazera, eta plazera baino lehenago panikoa: uda pasatzera etorri zaren kalaportu bakartian, maletan ekarritako literatur bazka uste baino lehen agortzean sentitu duzuna («Ikusten? E-book bat erosi izan bazenu garaiz!»). Normalean ez duzu hutsik egiten kalkuluetan, aterpetxe nuklear batean urtebete pasatzeko adinako material literarioa eraman ohi duzu aldean beti, zer gerta ere, badaezpada. Baina oraingoan ez duzu asmatu. Hondartzan eta arroketan asko irakurtzen da, eta marmokek uretara sartzen uzten ez badizute, are gehiago.

Zure burua soja-esne kartoiaren alemanezko argibideak enegarrenez irakurtzen topatu duzunean jabetu zara egoeraz. Larrialdi bat da. Sei kilometrora dago zibilizazioa: bizikleta hartu eta hara abiatzea erabaki duzu, eguzki galdatan. Aurki jabetu zara errepide bazterreko seinaleek aipatzen dituzten sei kilometroak sei baino gehixeago direla. Irletan eta leku turistikoetan gertatu ohi da: dena gertu duzula esaten dizute, hain gertu ze, berez diren kilometroak erdira murrizten baitizkizute. Edo agian ez da iruzurra, baizik eta ez zaudela uste bezain sasoi puntu onean. Laua da errepidea, baina ez hain laua ere. Ez dabil auto askorik, masustak jatera geratu zara bidean. Itsasorik ikusten ez den lekuetan, irla batean zaudela ahaztu eta Gaztelako lautada zabalean sentitzen zara kasik. Okerrena da ez zoazela hiri handi batera. Irlako bigarren herririk populatuena izan arren, herrixka bat da; ez daukazu bertan liburu-denda on bat topatzeko itxaropen askorik. Izan zara lehenago herrian eta egunkari atzerritarrak, eguzkitarako krema eta buzeoko betaurrekoak, dena batera saltzen duten lekuei deitzen diete hemen 'liburu-denda'.

Bizikleta lotu eta kalerik kale ibiltzea erabaki duzu, kale estu eta itzaltsuak eskertuz. Ordu erdi eman diozu zeure buruari norbaiti liburu-dendaren bat ezagutzen ote duen galdezka hasi aurretik. Esaten dutenez, gauzak non dauden ez jakin arren ez galdetzeko seta, gizonezkoen kontua da emakumezkoena baino gehiago. Zergatik ote den galdetu diozu zeure buruari. Orientazioaren urguilua eta bilatzailearen sena animala eta alimalekoa mantentzen dugula erakutsi nahi diogulako geure buruari? Batek daki.

Orduan gertatu da miraria: erakusleihoko liburuak babesteko zelofan ilunez estalitako kristala ikusi duzu lehenbizi. Izan zitekeen egarriak eragindako ispilukeria faltsua, baina ez: buzeoko betaurrekorik saltzen ez duten liburu-denda bat da. Benetako oasia basamortuaren erdian. Paperaren desagerpenarekin hau ere aldatu egingo da, noski, baina bitartean? bitartean, zelako plazera herri ezezagun bateko kale ezezagun batean liburu-denda bat topatzea, zeure kasako habitat gisara identifikatzen duzun lekua, inoiz lehenago ikusi ez baduzu ere. Lagun zahar bat hiri ezezagun batean.

Kaotikoa da liburu-denda, baina berehala sentiarazi zaitu etxean. Liburu-bizkarrei begira hasi zara, zenbat Anagramako, zenbat Mondadoriko, zenbat Tusquetseko, zenbat Seix Barraleko ote dauden neurtu nahian bistadizo azkar batean. Ongi, pasatu du lehen filtroa, koloreei eta bildumei dagokiena. Pre-Textos argitaletxeko poema liburuak ere baditu eta, horra! Sibarita bat hemen, irlaren erdian. Irla bat irlan. Ez duzu zeure bizitzan hura ikusi, baina jada liburu-saltzaileari buruz asko dakizula begitantzen zaizu. Bigarren esplorazio batean berritasunetan jarri duzu arreta, erreparo apur batez. Nola iritsiko ote dira hona liburuak? Barkuz? Hegazkinez? Zenbat denbora beranduago? Bi aste, hilabete? Zer 'decalage' maila dauka irla batek 2011. urtean batere halakorik badauka?

Pozez bete zaitu Mathias Enarden azken liburua aurkitzeak eta Dave Eggersen ipuin bilduma ere erosi duzu, patrikako edizioan, hamar euro baino gutxiago, uko egin ezin zaion horietakoa.

Badakizu itzulerakoan gainkargari dagokion isuna ordaindu beharko duzula aireportuan («10 euro dira kiloko; diru horrekin eBook bat eros zenezakeen ia!»), baina bizikletan etxera bueltan zatozela, masustak bigarrengoz jaten dituzun bitartean, gauzak batzuetan errazegi jarri aurretik, gauzak apur bat zailak jartzeak duen xarmaz pentsatu duzu, eta Mathias Enarden liburua eleganteegia denez, patrikakoa, Dave Eggersena hartu duzu aurrera segitu aurretik atsedenean irakurtzeko, hura masusta-eskuekin orbantzeko batere beldurrik gabe, masustekin zikindutako liburu batek hogei urte barru ekarriko dizkizun oroitzapenak aurreratuz, agian.

Buscador de libros

Los libros más vendidos

Castellano
Ficción

1- Esta noche dime que me quieres. Federico Moccia. Planeta

2- Prisionero en el cielo . Carlos Ruiz Zafón. Planeta

3- El jardín olvidado. Kate Morton. Suma de letras

4- El temor de un hombre sabio. Patrick Rothfuss. Plaza&Janés

5- El imperio eres tú. Javier Moro. Planeta

6- La palabra se hizo carne. Donna Leon. Seix Barral

7- Años lentos. Fernando Aramburu. Tusquets

8- El temblor del héroe. Álvaro Pombo. Destino

9- Diario de invierno. Paul Auster. Anagrama

10- La sonrisa de las mujeres. Nicolás Barreu. Espasa

No ficción

1- Viaje al optimismo. Eduardo Punset. Destino

2- La soledad de la Reina. Pilar Eyre. La Esfera

3- ¡Vamos!. Arantxa Sánchez Vicario. La Esfera

4- El precio del trono .Pilar Urbano. Planeta

5- Ahora yo. Mario Alonso Puig. Plataforma

6- Gente tóxica. Bernardo Stamateas. Vergara

7- Todos los niños pueden ser Einstein. Fernando Alberca. El Toro Mítico

8- Los desafíos de la memoria. Joshua Foer. Seix Barral

9- Saber cocinar postres. Mariló Montero. Temas de Hoy

10- Por ti lo haría mil veces. Isabel Sartorius. Martínez Roca

Euskera
Ficción

1- Artzapezpikuaren besita. Adam Bodor/ Unai Elorriaga. Elkar

2- Lasterka. Jean Echenoz. Meettok

No ficción

1- Garrako gerrak Oñatin. Gogoratu Guran Taldea. Intxorta

2- 1512 Nafarroaren konkistak. VV. AA. Txertoa-Abarka

Vocento